Beste gune batera

2010/06/14 at - (Bestelakoak) (, )

Ibilbidea laburra izan arren, oparoa eta aberasgarria izan da web gune honek eman didana.

Hemendik aurrera, lan honekin jarraituko dut baina beste web gune batetik, Deia.com atariak dauzkan blogen ataletik hain zuzen ere. Hona hemen esteka: http://blogs.deia.com/hitzaketahotsak/

Eskerrik asko nire burutazioak jarraitzen hasi zareten guztioi. Mila esker baita ere Deia egunkariari, bitakora xume hau euren erakusleihoan jartzearren, hain ezagunak direnenaren artean.

Eskerrik asko guztioi, oro har, eta gune berrian ikusiko dugu elkar.

Esteka iraunkorra Utzi erantzun bat

Mundiala dator-eta…

2010/06/10 at - (Bestelakoak, kirola, politika) (, , , )

Ez dago modu egokiagorik mundiala datorrela adierazteko: mundiala datorkigu!!!

Ez txarto pentsatu, ez da euforia, ez da bizi-poza… mundiala datorkigu gainera: hilabeteko matraka komunikabideetan, futbola une oro, kolore gorri-beilegien eta Frantziako oilarraren goraipatze chauvinista, e.a.

Horrek guztiak hartzen du prentsa eta prentsa ez denaren arreta nagusia. Martitzetik letorkeen estralurtarren batek pentsa lezake poloetatik zapalduta dagoen gure planeta honetan, horixe daukagula gairik garrantzitsuena hurrengo egunotan, Football Planet edo Soccer Planet, globalizaziora makurtuz.

Krisi garaian gaude, eta gerrikoa/uhala estutzea dagokigula dioskuten bitartean, Espainia eta Frantziako selekzioek (edo Futbol Federazioek) dirua xahutzea dute xede.

Alde batetik, Espainiako jokalariek, mundiala irabaziko balute, 600.000€ jasoko lukete ordainsari, selekzio guztien artean saririk altuena. Federazioa ez da erakunde publikoa, baina bai, ordea, diru publikoarekin lagunduta dagoena. Moralak zer lezio eman behar al digu horretaz?

Bestetik, Frantziako Federazioan, oraindik eta nahasiago daukate giroa. Federazioak luxuzko parajea aukeratu du bere jokalariak instalatzeko, musika eta zine izarrek soilik zapaltzen duten horietakoa. Baina ez hori bakarrik, horrezaz gain, jokalarien neska-lagunak edo emazteak (antza futbolera oraindik ez da homosexualitatea heldu) ere gonbidatu dituzte paradisura.

Tartean, mundiala Hegoafrikan jokatzen da, eta jakin badakigu herrialde hura ez dela bizi-kalitatearen paradigma. Pobreziaz eta delinkuentziaz inguratuta, futbol izarrek gozamena eta luxuarekin esperimentatzen jarraituko dute.

Hori bai hori munduari adibidearekin predikatzea.

Let´s play!

Esteka iraunkorra Utzi erantzun bat

Jauregia eraikitzen, hitzetik ekintzara

2010/05/31 at - (Euskal Herria, euskara, PPSOE) (, , , , )

Harriduraz irakurri ahal izan dut gaur Ramón Jaureguik El Correon idatzitako iritzi artikulua.

Txalotu nahiko nuke Europako parlamentari sozialistak euskararen alde egiten duen hausnarketa. Goibeltzen nau, hala ere, hitz polit hauek estaltzen duten ezerezak, alderdi sozialistak oraindik ere asko baitauka erakusteko euskalgintzan.

Jaureguik, bere testuan, Ruiz de Soroaren iruzkin bat kritikatzen du, “euskal herritar elebakarrei bigarren hizkuntz komun bat ikastera behartzeak ez du zentzurik, beste hizkuntz komun bat ezagutzen dutela aintzat hartuta (gaztelania alegia)”. Sozialista batek baieztapen hori salatzeak dituen inplikazioak esperantzarako bidea zabaltzen digu euskaltzaleoi. Ematen du euskararen aldeko apustu sendoa egiteko asmoa omen darabiltela arrosaren alderdikoek. Ikusteko dago.

Artikuluan, nola ez, abertzaleoi egurra ere ematen digu: hizkuntzaren politizazioa, euskara independentziarako erabili nahi izatea, e.a. Propagandarako bota beharreko cliché gisa ulertuko ditut momentuz, mezu postiboarekin geratzea nahiago baitut. Baina izenburuan diodan legez, jauregia eraikitzeko ez da nahikoa hitz politak isurtzearekin, lan egin beharra dago, eta horretan momentuz, alderdi sozialistak kale egiten du.

Atzo bertan Ibilaldia izan genuen Bermeon, jendetza bildu zen han euskara eta ikastolei behar duten bultzada eta berotasuna eskaintzeko. Celáa sailburuak txistuak entzun behar izan zituen, baita lekuz kanpoko irainen bat, baina euren esku dago euskararekin aldarrikatzen duten konpromisoa erakustea, frogatzea, gauzatzea, hezurmamitzea.

Faltan botatzen ditut, zilegi bekit esatea, euskara ikasle aplikatu batek atzokoa bezalako jaiaren gainekoari buruzko balorazioren bat, esker ona erakustea, poztasuna agertzea, edo dena delakoa. Patxi Lopezez ari naiz, mutu geratu zaigu. Idazlanetan ez dakit zelan ibiliko den, ahozkoan bederen, “hobetu beharra”.

Guztiok erakutsi behar dugu herri honetan euskara guztiona dela, eta euskararen aldeko apustu sendo eta tinkoa egiten dugula. Ongi etorriak Jaureguirenak bezalako adierazpenak, ea hurrengoak Aitorren hizkuntz zaharrean emanak datozkigun.

Esteka iraunkorra Utzi erantzun bat

Bueltaka Nafarroako hizkuntz politikarekin

2010/05/24 at - (Euskal Herria, euskara, politika) (, , )

Gaur bertan heldu berri zait hemen behean ikus-sufri-entzun dezakezuen bideoa:

Aurretik idatzitako postaren harira dator bideoa, eta aurretik esandakoei ezer gutxi gehi niezaieke. Adibide hotz xumeak diosku azaldu beharreko oro.

Ez da bakarrik Nafarroako administrazioak euskararekin duen sentiberatasun gabezia, ez horixe. Langileek eurek erakusten duten harridura da larriena, euskaraz hitz egitea inuiteraz hitz egitearen pareko bailitzan.

Gogora dezagun berriz ere: euskara Nafarroako Erkidegoaren berezko hizkuntza da, hala xedatzen du legeak gainera.

Seguru asko, Euskal Autonomia Erkidegoan ere halako kasuak aurki genitzake, baina hamaika pausu aurretik goaz, zorionez.

Doluminak eta animoak nafar euskaldunei.

Esteka iraunkorra Utzi erantzun bat

Navarrismoaren gidaria

2010/05/18 at - (Euskal Herria, euskara) (, , , , )

Migueliko Sanzen emariak ez du hondorik. Iturri agorrezina dugu berau, euskaldunon edota euskal hiztunon zoritxarrerako baina.

Nafarroako Erkidegoak duen presidenteak euskararen kontra ez duela ezer dio, baina harroputz ageri da bere gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin.

Milaka herritarrek euskararen alde manifestatzeak, antza, ez dio ezer esaten Sanz jaunari, ez dio hausnarketarako arrazoirik erakusten.

Baina adierazpenik mingarrienak, hotzenak, larrienak, pozoiz lepo daudenak hauexek dira: “euskararen gaineko ardurarik ez daukat, denbora okupatzen dit bakarrik”.

Gaztelaniaz esanda, ez dirudi hain latza (“el tema del euskera no me preocupa, me ocupa”), baina euskaraz eman eta gero agerian geratzen da hitz horiek gordetzen duten guztia, eta gorroto hitzak ongi baino hobeto laburbilduko lukeena.

Nafarrek benetan merezi/nahi al dute euren berezko hizkuntza horrela zapaltzen eta mespretxatzen duen agintaririk? Neronek ez diot zentzu handirik ikusten, eta horrelako utzikeriak salaketa ozena, garbia eta sendoa behar luke nafarren eskutik.

“Linguae vasconum, linguae navarrorum”. Aspalditik datorkigun esaera horrek gordetzen du mami oro.

Nafar euskal hiztunen eskubidea delako, euren hizkuntza ere badelako.

Esteka iraunkorra Utzi erantzun bat

Next page »